es | eu
  

EUSKAL MAHAI-TENIS FEDERAZIOA
FEDERACIÓN VASCA DE TENIS DE MESA

Batzarraren Konpromisoak

Euskal Mahai Tenis Federazioak, kirolak gizarte justuago eta bidezkoago bat lortzen laguntzeko duen ahalmena garatzeko konpromisoa hartuta, adierazpen hau sinatzea erabaki dugu, honako jarduera-ildo hauek sustatzeko gure federazioaren barruan eta gure jarduera guztietan eta beste pertsona eta erakunde batzuekin ditugun harremanetan, bai eta konpromiso hauek Lurralde Federazioetara eta Klubetara zabaltzeko ere:

Dokumentu orokor honi buruzko ekintza orokorra:

– Lurralde Federazioek konpromiso hauek beren egin ditzaten sustatzea, konpromisoei lotutako ekintzak gauzatzea bultzatzeko.

A. EMTFren KONPROMISO-ADIERAZPENA KIROLEKO GENERO-BERDINTASUN POLITIKEKIN.

1.- Emakumeen presentzia Federazioaren esparru eta estamentu guztietan bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, genero-ikuspegitik berdintasun eraginkorra lortu arte, batez ere emakumeek Federazioaren gobernu- eta zuzendaritza-organoetara sartzeari dagokionez. Halaber, gure konpromisoa jokabide homofoboak eta genero-indarkeria prebenitzeko kultura bat eraikitzera ere bideratuko da.

2.- Emakumeek gure kirola gehiago praktika dezaten bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, Autonomia Erkidegoko Ligetan eta Liga Nazionaletan aldi berean parte hartzea erraztuz eta hastapen-jardunaldi espezifikoak sustatuz.

3.- Jokalarien prestakuntza-lana erraztuko duten emakumezko entrenatzaileen prestakuntza bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu.

4.- Emakumezko arbitroen eta epaileen prestakuntza bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu.

5.- Gure dokumentu grafikoetan (kartelak, bideoak eta webgunea) emakumeen irudia kalitatean eta kantitatean gizonenaren parean zaintzeko konpromisoa hartzen dugu.

Genero-berdintasunari buruzko ekintzak:

– Webgunean Emakumezkoen Mahai Tenisarentzako gune berezi bat sortzea, emakumeek parte hartzen duten lehiaketa guztiak nabarmentzeko eta genero-berdintasunari buruzko intereseko informazio mota guztiak zabaltzeko.

– Neskentzako hastapen-jardunaldi espezifikoak antolatzea.

– Arbitro ikastaro bat deitzea, emakumeen parte-hartzea erraztuz.

– Monitoreak prestatzeko ikastaro bat antolatzea, emakumeei sarbidea erraztuz.

– Gure webgunean argitaratu daitezkeen informazio eta albisteetarako iragazkiak ezartzea, genero-berdintasunari dagokionez baloratzeko eta hizkuntza egokia dela eta emakumeak berdintasunez tratatzen direla egiaztatzeko.

– Eraso sexisten kasuetarako Jarduera Protokolo bat zehaztea.



B. EMTFren KONPROMISO-ADIERAZPENA KIROLEKO EKITATE-POLITIKEKIN.

1.- Aniztasun funtzionalaren eta pertsonok ditugun gaitasun desberdinen ondorioz kirola egiteko zailtasunak dituzten pertsonen inklusioa errazteko konpromisoa hartzen dugu, eta inklusioa posible ez denean, komunitatean eskuragarri dauden zerbitzuetara bideratzeko.

2.- Beste lurralde edo herrialde batzuetatik Euskadira etortzen diren pertsonen integrazioa eta harrera errazteko konpromisoa hartzen dugu, klubetan kirola egiteko aukera emanez, eta horren bidez gure komunitateko harreman sozialak erraztuz.

3.- Gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat kirola egiteko aukerak sortzeko konpromisoa hartzen dugu, eta horren bidez komunitatean integratzeko, dela maila sozioekonomikoagatik, dela pertsonei eta haien baldintza sozialei datxezkien beste inguruabar batzuengatik.



  • Gure webgunean Inklusioari buruzko gai guztiak jorratuko dituen atal berezi bat sartzea.

  • Gurpil-aulkian dauden pertsonekin lehiaketak egiteko material espezifiko homologatua erostea sustatzea.

  • Gure Federazioaren menpeko lehiaketak antolatzen diren lokaletan desgaitasuna duten pertsonentzako oztopo arkitektonikorik ez dagoen eta zerbitzu eta aldagela egokiak dituzten aztertzea.



C. EMTFren KONPROMISO-ADIERAZPENA KIROLEKO BALIOETAN HEZTEKO POLITIKEKIN.

1.- Gure federazioaren barruan kirolarien balio hauek sustatzeko konpromisoa hartzen dugu: apaltasuna, lankidetza, elkartasuna eta leialtasuna kideekin, aurkariarekiko, entrenatzaileekiko eta arbitroekiko errespetua, hobetzeko gogoa, sormena eta zintzotasuna.

2.- Gure federazioarekin lotutako erakundeetako pertsonen artean jokabide etikoak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, eta, zehazki, gure kirolari eta teknikarien kirol-jardunean jokabide zehatz hauek har daitezen bultzatuko dugu:

– Falta gutxiago egiten saiatzea;

– Falta bat egin denean, haren adierazpena onartzea;

– Norbaiti min eman zaionean, barkamena eskatzea;

– Epailea edo arbitroa engainatzen ez laguntzea;

– Epaileari edo arbitroari bere erabakiak ez protestatzea;

– Beste kirolari batzuekiko jokabide bortitzak edo liskarrak saihestea;

– Jokabide desleial oro saritzeari edo ez ikusiarena egiteari uko egitea beti, hura bideratzeko esku hartuz;

3.- Haur eta nerabeen kasuan, bereziki honako konpromiso hauek hartzen ditugu:

– Adingabeen esplotazioa eragozteko bermeak ezartzen direla zaintzea, batez ere gaitasun goiztiarrak erakusten dituztenen kasuan;

– Erakunde bateko kide edo afiliatu guztiek, gazte eta nerabeei dagokienez erantzukizunak hartzen dituztenean, haiek orientatzeko, prestatzeko eta hezteko beharrezko gaitasunak izan ditzaten ahalegintzea, eta, bereziki, adingabearen heltze-prozesuak dakartzan eraldaketa biologiko eta psikologikoak ezagut ditzaten zaintzea.

– Prestakuntza-maila adingabearen beharretara egokitzen dela zaintzea, kirolean parte hartzeko maila desberdinen arabera.

– Haur edo kirolari gaztearen osasuna, segurtasuna eta ongizatea lehentasun nagusi bihurtzea, eta helburu horiek beste pertsona baten bidezko arrakastaren edo klubaren, eskolaren, entrenatzailearen edo gurasoen ospearen gainetik jartzea;

– Haurrek bizitza osoan jarduera fisiko osasungarrietan parte hartzera animatuko dituen kirol-esperientzia bat bizi dezaten lortzea;

– Haurrak heldu txikiak balira bezala ez tratatzea, eta, horren ordez, haurraren garapenak dakartzan eraldaketa fisiko eta psikikoez eta horiek kirol-errendimenduan duten eraginaz jabetzea;

– Adingabea ase ezin dituen itxaropenen aurrean ez jartzea;

– Lehiaketaz gozatzeak duen garrantzia aitortzea, eta inola ere ez egitea haurraren gainean presio desegokirik, bere parte-hartzeari buruz askatasunez erabakitzeko eskubidearen aurkakorik;

– Dohain handienak dituztenez nahiz hain dohainak ez dituztenez arduratzea, lehiaketako arrakastaz gain garapen pertsonala eta ezagutza praktikoak eskuratzea nabarmenduz eta sarituz;

– Gazteak beren jolasak sortzera eta beren arauak hartzera animatzea; lehiakide gisa ez ezik, entrenatzaile, zuzendari edo arbitro gisa ere jardutera; jokabide desleialengatiko sari- eta zigor-sistema propioa ezartzera; eta beren egintzen erantzule izatera;

4. Gure federazioaren menpeko klubei lotutako familien artean jokabide etiko eta errespetuzkoa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, besteak beste honako hauek:

– Lehiaketetan epailearekiko edo arbitroarekiko eta aurkariekiko jokabide errespetuzkoa;

– Kirolariarekiko jokabide errespetuzkoa, bere helburuak eta errendimendu-maila errespetatuz eta entrenatzaile arduradunaren jarraibide teknikoak jasotzea errespetatuz;

– Erabaki tekniko eta zuzendaritzakoekiko jokabide errespetuzkoa, klubetan giro sozial atsegina sortzen lagunduz;

5. Federazioaren zuzendaritzako kideek eta, hala badagokio, langileek gardentasuna bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, hartutako erabakiak eta kirol- eta ekonomia-kudeaketaren emaitzak zabalduz eta, ahal den neurrian, federazioaren estamentu desberdinek erabakiak hartzean parte har dezaten erraztuz. Hori guztia Gardentasun Legea erreferentziatzat hartuta.

6. Euskararen erabilera gure ekintza eta jarduera guztietan hizkuntza lehenetsi gisa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, klubaren barruan haren erabilera normalizatuz.

7. Adierazpen hau federazioari lotutako estamentu eta pertsona guztien artean zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu, kirol-irakaskuntzen arduradun diren teknikariei arreta berezia jarriz.



  • EMTFren webgunean “Kode etiko” bat argitaratzea, EMTFk eta Klubek antolatzen dituzten lehiaketetan eta jarduera guztietan gure jokabidearen oinarri izango dena. Kode etiko hori Klub guztiei helaraztea.



D. EMTFren konpromiso-adierazpena akordioen kultura eraikitzeko eta kiroleko gaitasun emozionalak hobetzeko politikekin.

EMTFn, kirola tresna gisa ulertzen dugu, potentzial handikoa bizikidetza eta harremanetan ditugun pertsona desberdinak ulertzen eta haiekin enpatizatzen laguntzen diguten gaitasun emozionalak hobetzeko.

Halaber, uste dugu potentzial hori aprobetxatzeko beharrezkoa dela kirolean esku hartzen dugun eragileen ekintza erabakitsu eta nahita egina. Gure federazioan akordioen kultura eraikitzen laguntzea dugu helburu; horregatik, adierazpen hau sinatzea erabaki dugu, honako konpromiso hauek hartuz:

1.- Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiekin lankidetzan, gatazkak prebenitzeko eta artatzeko protokolo bat garatzea, Federazioaren barruan bizikidetza ona bermatzen laguntzeko.

2.- Federazioaren jardueran sor litezkeen gatazken ebazpena bideratuko duen erreferentziazko pertsona edo talde bat izendatzea.

3.- Prestakuntza jasotzea, horretarako prestakuntza-baliabide egokiak ditugun neurrian, gatazken ebazpenean, negoziazioan eta gaitasun emozionaletan, pertsonen arteko harremanetan emozioak identifikatu eta kudeatzeko, lehentasunez kirol-teknikarien estamentuan.

4.- Adierazpen hau federazioari lotutako estamentu eta pertsona guztien artean zabaltzea.



  • EMTFren menpeko kolektibo guztiei helaraziko zaizkien jarraibide batzuk sortu eta argitaratzea, gure kirolaren balioak jokalariei transmititzeko modua homogeneizatzeko, beti ere zuzendari, ordezkari eta entrenatzaileen eredua jarraituz, haiek izan behar baitute jarraibide horiek bere egiten lehenak.



E. MAHAI-TENISA JARDUERA FISIKO OSASUNGARRI GISA SUSTATZEKO KONPROMISO-ADIERAZPENA.

EMTFn badakigu gure kirola biztanleriaren ehuneko handi batek egin dezakeela, eta neurri batean egiten duela, adin-mugarik gabe eta, ia, egoera fisikoaren mugarik gabe. Halaber, badakigu gure kirola ohiko jarduera fisikoaren alternatiba izan daitekeela, eta maila psikologikoan eta harremanen mailan beste onura batzuk ere ematen dituela.

Horregatik, honako konpromiso hauek hartzen ditugu:

  1. Elkarteekin, Ikastetxeekin, Enpresekin eta Udal Kiroldegiekin akordioak sinatzea sustatzea, kirol-jarduera hau hasteko.

  2. Interesa duten pertsonak sustatu eta jarduera fisiko hau egin daitekeen guneetara bideratuko dituzten erakustaldiak antolatzea.

  3. Aisialdi Lizentzia sartzea, pertsona-segmentu horri estaldura emateko tresna gisa, honako hauetarako:

    1. Jarduera fisiko hau egitean gerta daitezkeen lesioak estaltzen dituen asegurua izan dezaten.

    2. Jarduera fisiko honetara batzen den kolektiboa zehazteko.

    3. EMTFk eta Lurralde Federazioek kolektibo horiek eska ditzaketen eta jarduera fisiko hau sustatzeko balio dezaketen ekitaldiak planifikatu ahal izateko.



  • Bizkaiko Mahai Tenis Federazioari laguntzea “Ping pong”-a jarduera fisikoko tresna gisa sustatzeko programan, gero gainerako lurraldeetan (lurralde bakoitzaren errealitatera egokituta) aplikatuko litzatekeen plan pilotu baten barruan.

  • Pertsona guztiak ping pongean, mahai-tenisean edo TTXn hasteko aukera emango duen monitore-ikastaro bat antolatzea.

  • Webgunean gune berezi bat sortzea.